2016(e)ko abenduaren 28(a), asteazkena

TALDE LANA

Amaia Urabaien, Irati Oskoz, Iranzu Ortiz, Karmen Mendoza eta Leire Lopez
EUSKARAREN ERABILERA, GAZTEEN ARTEAN
Euskara Europan mintzatzen den hizkuntza da, Euskal Herrian mintzatzen
dena, hain zuzen ere (Espainiar estatuko Nafarroan, Bizkaian, Gipuzkoan eta
Araban; eta Frantziar estatuko Lapurdin, Nafarroa Beheran eta Zuberoan). Ikerketa
batzuk diotenez, oraindik bizirik dagoen hizkuntzarik zaharrena da. Inguruko beste
hizkuntza askok ez bezala, Euskarak ez du jatorri indoeuropearra, eta hizkuntza
isolatua dela esan ohi da, ez baitzaio ahaidetasunik aurkitu. Gaur egun, Euskal
Herrian bertan ere gutxituta dago, lurralde horretan gaztelania eta frantsesa nagusitu
baitira.
Egoera kezkagarria izan arren, euskara berreskuratzeko indar handiak egin
dira; hala nola azken urtean egin den “Euskaren Txantxangorria” kanpaina. Proiektu
horren harira, Euskara hitz egitera gonbidatzen zaituen sinboloa sortu zen, aurretik
aipatutako “Txantxangorria”, hain zuzen ere. Urtero bezala, abenduaren 3an
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zen, eta ikur hori egunaren protagonista
bihurtu zen.
Duela urte gutxi batzuk Euskara debekatuta bazegoen ere, gaur egun
aurrerapen handiak egin dira hizkuntza bultzatzeko, Euskara ezin delako bakarrik
familiako intimitatearen hizkuntza izan. Irakaskuntzan,
prentsan,ikus-entzunezkoetan, eta orain internetek baliabide batzuk euskaraz
eskaintzen ditu, eta hori behar-beharrezkoa da egoera latz honi irtenbidea bilatzeko.
Kultura adierazpen berritzaileek egunero aberasten dute, eta ahozko literatura
bera bizi- bizian dago, kantuaren, antzerkiaren edo ipuinen bitartez.
Euskararen egoera aztertzeko Nafarroako egoeran oinarritzea erabaki dugu;
alde batetik gehien ezagutzen duguna delako, eta bestetik, egoerarik
esanguratsuenetarikoa baita.
Belaunaldi berriok, batez ere, euskara eskolan edo haurtzaindegian jaso
dugu lehendabizikoz, eta ez aurreko garaietan bezala, gehienetan ama-hizkuntza
zenean.
Aurretik aipatu dugun bezala, Nafarroako egoera nahiko esanguratsua eta
konplexua da. Izan ere, 1982an “Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko
legea” erredaktatu zutenean, zuzenean Nafarroari eragin zion eta foru-komunitate
hau hiru eremutan banandu zuen: eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu ez
euskalduna.
Eremu euskaldunak, geografiari begira, Nafarroako iparraldea hartzen du,
hau da, mendialdeko herri gehienak. Eremu honetan, hiritar guztiek, Administrazio
publikoetako harremanetan, euskara nahiz gaztelera erabiltzeko eta hautatutako
hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea dago. Hezkuntzari dagokionez,
ikasleak berak aukeratutako hizkuntza ofizialean jasoko du irakaskuntza. Honen
harira, eremu honetako ikasleei erraztasun handiak ematen zaizkie euskara
ikasteko. Horregatik, eremu honetan euskara mintzatzea ohikoagoa dela aipatu
beharra dago, historikoki gertatu den bezala.Horren ondorioz, hemengo gazteek
euskara D ereduko eskola publikoetan ikasteaz gain, baliteke txikitatik jasotako
hizkuntza izatea.
Eremu mistoak, berriz, Nafarroako lurraldearen erdialdea hartzen du eta bere
udalerrien artean gure komunitateko hiriburua dago, Iruñea, alegia. Nafarroako
bizilagun gehienok eremu honetan bizi gara, baita euskaldun gehienak ere. Eremu
honetan, hiritar guztiok euskara nahiz gaztelera erabiltzeko eskubidea dugu
Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko, hala ere, hori teoria soila da, eta
askotan ez da horrela gertatzen.
Hezkuntzari dagokionez, ez ditugu eremu euskaldunekoek bezain beste
erraztasun euskara ikasteko. Honekin lotuta, haurtzaindegien egoera dago, esate
baterako. Azken urtean eztabaida handiak egon dira, gobernuak euskarazko bi
haurtzaindegi ireki dituelako. Osotara 17 daude, eta orain arte 2 bakarrik eskaintzen
zuten zerbitzua euskaraz jasotzeko aukera. Oso egoera kaxkarra zen hori, familia
askok haien seme-alabak gaztelaniazko haurtzaindegietara eramatera behartuak
ikusten baitziren, eta ikastolara joan arte ez zuten euskara entzuten, etxean ez
bazen. Hala ere, aldaketa honen ondorioz (euskarazko bi haurtzaindegi egotetik lau
egotera) pertsona asko horren kontra agertu dira, euskara inposatzen dela
argudiatuz.
Hala eta guztiz ere, hemengo ikasleok D ereduko ikastetxe publikoetan
ikasteko aukera dugu. Nolanahi ere, aipagarria da lanbide heziketa euskaraz
ikasteko ez dagoela ia aukerarik eta antzekoa gertatzen da Nafarroako Unibertsitate
Publikoan, euskara hutsean soilik bi gradu (Haur Hezkuntzako Irakasle Gradua eta
Lehen Hezkuntzako Irakasle Gradua) eskaintzen baitira.
Bukatzeko, eremu ez euskaldunak, gutxi gorabehera, Nafarroako maparen
hegoaldea hartzen du. Eremu honetan aitortu egiten da hiritarrek Nafarroako
Administrazio Publikoetara euskaraz zuzentzeko eskubidea dutela. Azken hauek
interesatuei gaztelerarako itzulpena eska diezaiokete.
Hezkuntzari dagokionez, eremu honetako ikasleek soilik D ereduko ikastetxe
pribatu edo kontzertatuetan euskaraz ikasteko eskubidea dute. Ondorioz, familia

askok haien seme-alabak A ereduko ikastoletara eramaten dituzte, ez baitute
baliabide ekonomikorik haien seme-alabak ikastola pribatu edo kontzertatuetan
ikastera bidaltzeko.
Horren ondorioz, eremu honetan jende euskalduna ez da beste bietan bezain
ohikoa eta kalean oso gazte gutxi entzuten dira euskaraz mintzatzen.
Eremu mistokoak, berriz, normalean, euskara ez dugu ikasten ikastolan hiru
urterekin sartu arte, eta lanbide heziketa egitea erabakitzen duen orok ez du
euskaraz egiteko aukerarik.
Bukatzeko, eremu ez euskaldunean gero eta gehiago dira haien ikasketak
gazteleraz egiten dituzten ikasleak haien gurasoek ez baitute baliabide ekonomiko
nahikorik euren seme-alabei euskaraz ikasteko aukera emateko.
Nafarroako eremuak alde batera utzita, geure gaur egungo euskarak dituen
hutsune eta gabeziei buruz mintzatuko gara; izan ere, batzuetan horrek euskaraz
hitz egiterako orduan eroso ez sentitzea eragiten du.
Arestian aipatutako arazoa saihesteko, azken hamarkadetan lan izugarria
egin da gazteok euskal kulturak duen garrantziaz jabetzeko, geure inguruneak
euskalduntzeko eta euskararen erabilera sustatzeko, gizarteko edozein arlotan.
Hala ere, gazteok eskoletan betidanik euskaraz ikasi izan arren eta euskal kulturaren
eta euskararen erabileraren garrantzia garbi jakin arren, gure egunerokoan
zenbaitetan ez gara gai era erosoan euskaraz mintzatzeko, eta ondorioz, ez dugu
euskara erabiltzen. Irakasle, euskara teknikari eta hizkuntza plangintza antolatzaile
askoren arabera, gero eta murritzagoa da euskararen erabilera gazteen artean.
Gure euskarak zenbait hutsune ditu. Zenbait egoeraren aurrean, gabeziak
ditugu adierazi nahi dugun hori euskaraz era egokian esateko edo aditzera emateko.
Ondorioz, euskarari muzin egin dio gazte euskaldun askok, eta euskaraz jarduten
duten gazteek, berriz, gero eta traketsago moldatzen omen dira edozein
testuingurutan, hainbat ikerketen arabera. Gaitasun eza horren aurrean, ia beti,
gazteok euskaraz mintzatzen garen egoeretan, bi hizkuntzak borrokan aritzen dira,
eta gehienetan, jakina, gaztelania izaten da garaile.
Zergatik ematen da egoera hau? Zeintzuk dira hutsarte hauen arrazoiak edo
zergatiak? Bada, galdera hauek egin aurretik beste hainbat galdera egin beharko
genizkioke geure buruari. Konparazio baterako, zein hizkuntza trebetasun garatu
ditugu, batik bat, eskolan? Euskaren kalitatea ziurtatzen duten irakasle ereduak
ditugu eskoletan? Eta komunikatzaile eraginkorrak hedabideetan? Eta

administrazioan? Lantzen ote dira hizkuntza jarrerak? Zenbaterainoko aukera izan
dugu euskara eta bere kulturarekin harremanetan jartzeko?
Batik bat, nafar gazteon euskararen hutsarteen arazorik nagusiena Nafarroan
bizi dugun egoera konplexua da. Lehen azaldu dugun moduan, Nafarroako hiru
zonaldeetan (euskaldunean, mistoan eta ez- euskaldunean) euskararen egoera eta
honen erabilera ez da berdina inondik ere ez.
Zonalde euskaldunean, edozein egoeratan euskaraz aritzea arruntena izanik,
gazteak gai dira edozein egoeraren aurrean euskaraz mintzatzeko, bere inguruan
euskaraz aritu direlako. Ondorioz, gazteek ez dute inoiz erdaraz aritzeko beharrik
sentitu eta euskara izaten dute hizkuntza nagusi. Gazte gehienek txikitan gazteleraz
tutik ere ez dakitenez, haien behar eta mugetara egokitu behar izaten dute euskara
egoera guztietan erabiliz.
Zonalde mistoan, aldiz, euskararen erabilera ez da hain nabaria. Ume askok
ez dugu euskara ama-hizkuntza eta euskara eskolan ikasten dugu kasu gehienetan.
Beraz, eskolatik ateratzen garenean ez gara ez etxean ez egunerokoan euskaraz
mintzatzen. Gainera, zonalde honetan, kalean ia ez da euskara erabiltzen jendearen
ehuneko handiak hizkuntza hau ez dakielako. Hortaz, euskaraz dakigun gazteok ez
dugu euskara bizitzako edozein arlotan erabiltzen eta euskararen erabilera eskola
ingurura mugatzen dugu. Arrazoi honengatik, gazteok zonalde honetan gure
euskaran hutsune asko izaten dugu eta zaila egiten zaigu gure eguneroko egoeretan
euskaraz era errazean egitea.
Azkenik, zonalde ez-euskaldunean, euskara gutxi batzuek dakite eta eskolan
bertan bakarrik erabiltzen dute ikasketekin soilik uztartuz.
Nafarroako egoera konplexu honengatik gazteok gure hizkuntzan arazoak
izaten ditugu; izan ere, jakin badakigu euskara eta hizkuntza ez dela hitz hutsa, ez
dela jakitea soilik. Jakitetik erabiltzera behar bat dago, eta behar hori da, askotan,
falta dena. Nafarroako inguru euskaldunean behar hori dago, baina beste Nafarroa
osoan hori da falta dena.
Haurtzaroan lehenengo pausua ematen dugu: euskaraz ikasten dugu. Baina,
ondoren, behar bat sortu behar da hizkuntza horretan hitz egiteko, eta, behar hori
inguruak sortzen du.
Eskola euskaldunetan ikasi dugun gazteotan itxaropen handiak ipini zirela
dirudi, uste baitzen euskaraz ikasteak euskaraz bizitzea ekar zezakeela. Eta ikasi,
gure belaunaldiko ia kide guztiok ikasi dugu euskaraz: aditz sistema ederki dakigu,

izenlagun eta izenondoak askotan landu izan ditugu. Baina, agian, ez dakigu tresna
horiek gure eguneroko bizitzara egokitzen.
Gazteok euskara erabiltzen dugunean, lagunen arteko eta kaleko euskara
erabiltzean etortzen dira arazoak. Guk hizkera akademikoa ondo baino hobeki
dakigu, baina koadrila artean, adibidez, euskaraz mintzatzeak zailtasun larriak
sortzen dizkigu. Askotan, gazteon artean euskarazko jardunean, erdarazko
makuluak barra-barra sartu ohi ditugu, erdal makulu, molde edo esaerak
erakargarriagoak ditugulako eta gehiago entzun ditugulako. Eta, egia esan, gaur
egungo gazte askok halaxe egiten dugu. Hala izanik, ez gara eroso sentitzen
euskaraz lagunekin mintzatzen, ez dugulako inoiz behar hau izan. Hala ere, lehen
aipatu bezala, egoera hau ez da Nafarroa osoan ematen, zonalde euskaldunean,
gazteek haien artean euskara erabiltzen dute arazorik eta aferarik gabe. Baina,
beste zonaldeetan ez dugu aise euskaraz solasten. Gure gabezi nagusienetako bat
adibidez, haserretzen garen momentukoa da. Ez zaizkigu biraoak eta irainak aise
ateratzen eta norbaitekin haserretzen garenean ez dakigu sentitzen edo uste dugun
hori euskaraz adierazten. Ondorioz, gaztelerara jotzen dugu eta euskara alde batera
uzten dugu.
Egoera honekin lehenbailehen bukatu behar dugu, hori argi dago. Gazteok
gure euskararen hutsuneak betetzeko, kalean eta egoera gehienetan euskara
entzun behar dugu. Hala ere, hau gure esku dago, euskara dakigunon artean
euskara erabiltzea baita euskaraz moldatzeko urrats garrantzitsuena.
Gabezia hauengatik, Nafarroaren kasuan, gazteon artean gehien entzuten
den hizkuntza gaztelania da ezbairik gabe, lagunartean hitz egitean naturalena
ateratzen dena baita, tristea bada ere. Hala ere, desberdintasun handiak daude
adinaren arabera.
Gai honetan ama-hizkuntza euskara izatea edo ez izatea gakoa da. Bizitzako
lehenengo urteetan, haurren garuna belaki bat balitz bezalakoa da, hau da, jasotzen
duen informazio guztia gorde egiten du, eta erraztasun handiz, gainera. Horregatik,
hizkuntzetan adituak diren pertsonek haurrak txikitatik hizkuntza desberdinak
ikastera bultzatzen dituzte.
Hizkuntza bat baino gehiago jakiteak, onura amaigabeak ditu, eta ez bakarrik
kulturari dagokionez. Hizkuntza bat baino gehiago menperatzeak, arreta hobetzeaz
gain, entrenamendu mental bezala balio du, eta haurren memoria lantzea laguntzen
du. Bizitzako lehenengo lau urteetan konexio neuronal handiak sortzen dira, eta
horregatik estimulu linguistikoez eta informazioaz hornitzeko garai egokiena da.

Hizkuntzetan adituak direnek argi dute haurrek txikitatik ikasi behar dituztela
hizkuntzak. Adin horretan hizkuntzak ikastean, informazioa garunaren leku berean
integratzen da, nahiz eta bi hizkuntza desberdin izan. Helduak garenean, berriz,
informazioa bi gune desberdin behar ditu hizkuntza berria ikasteko. Hortaz, haur bati
berdina kostatzen zaio hizkuntza bat ikastea edo bi ikastea. Hori horrela izanik,
zergatik familia askok uko egiten diote euskararen irakaskuntzari? Ez al da
guztiontzat onura eta aberastasun kulturala?
Askok horrela pentsatzen badute ere, badirudi gure komunitateko pertsona
askok ez diotela horri kasurik egiten, eta nahiago dute bakarrik gaztelania ikastea
gaztelania eta euskara ikastea baino, esfortzu bera kostata ere. Beste kasu
batzuetan, hizkuntzak txikitatik ikastearen garrantzia ingelesa bezalako hizkuntza
globalizatuekin aplikatzen dute. Izan ere, orain arte Nafarroako herri askotan, batez
ere hegoaldeko herrietan, euskara ez da irakatsi. Egia da zonalde horretan
eskaintza oso baxua dela, baina horrek ez du esan nahi euskara ikasi nahi duten
haurrek, gutxi izanda ere, hezkuntza gaztelanian jaso beharra.

Honen harira, garrantzitsua da Nafarroan dauden hezkuntza eredu
desberdinak azaltzea, euskararen garapenean hizkuntzaren presentzia hezkuntzan
oinarrizkoa baita, eta beraz, hori eskaintzen duten ereduak bultzatu behar dira.
A ereduak hezkuntza gaztelanian eskaintzen du, baina euskal hizkuntza
beste edozein ikasgai bat bezala ematen da, maila, modalitate eta gradu guztietan.
Horrez gain, gurasoen edo ikasleen eskaintza minimo batekin, euskara goi-mailako
zikloko ikasgaietan eman daiteke ere. B ereduak euskaraz eskaintzen du
irakaskuntza, gaztelania ikasgai bezala izanik, eta zenbait zikloetan zientziak edo
arteak bezalako ikasgaiak gaztelaniaz ere emanez. D ereduan, berriz, euskaran
irakasten da, eta gaztelania ikasgai bezala eskaintzen du. Azkenik, G eredua dago,
hezkuntza gaztelania hutsean aurkezten duen eredua, hain zuzen ere. Gainera,
azken urteetan PAI eredua sortu da, ingeleserako ordu gehiago eskaintzen dituena.
Eredu hori oso polemikoa izan da, UPN alderdi politikoak hezkuntza arloan
euskararen erabilera eta presentzia txikiagotzeko erreminta bezala erabili duelako,
eta ez berez ingelesa bultzatzeko.

Eredu motak behin azalduta, Nafarroako zonalde bakoitzean aukera
daitezkeenak aipatzea garrantzitsua da. Izan ere, nahiz eta lau eredu egon, herri
guztietan ezin da edozein aukeratu. Ez dugu ahaztu behar gure komunitatea hiru
zonaldeetan banatuta dagoela.
Zonalde euskaldunean, logikoa denez, euskara ofiziala da eta, beraz,
derrigorrezkoa. Eredu posibleak A, B eta D dira. Zonalde mistoan, euskara
hautazkoa da eta eredu posibleak zonalde euskaldunean daudenaren eredu berak

dira. Zonalde ez-euskaldunean, azkenik, A, B eta G ereduak posibleak dira. Hori
horrela bada ere, ekimen sozialeko zentroetan euskaraz ikastea posiblea da,
Ikastoletan, alegia. Gainera, zenbait adituk azaltzen duten moduan, euskarazko
irakaskuntza ezin liteke ilegala izan (ezin baita debekatu); baizik eta alegala,
sisteman erregulatua ez dagoelako.

Kasu horietan guztietan, gurasoek eskatu behar dute nahi duten eredua.
Eskola unitarioetan, 6 ikasle beharrezkoak dira, zonalde misto eta ez-euskaldunean
15 ikasle, eta zonalde urbanoetan, berriz, 20 ikasle.

Horrek eragin handia du euskararen erabilera gazteon artean. Lagunartean
euskara ikasteko lehengo pausoa ikastolan hizkuntza horretan ikastea da.Izan ere,
ikastolan lagunarteko erlazioak hasten diren garaia da.

Txikiak garenean, gure ama-hizkuntza hitz egiten dugu beti, menperatzen
dugun hizkuntza baita. Hortaz, ama-hizkuntza euskara ez denean, ezinezkoa da
haur batek euskaraz mintzatzea naturaltasunez, ikastolan hizkuntza horretan hitz
egiten badiote ere. Adinarekin batera, hizkuntza hobetzen doa, eta ikaslearen
mailaren arabera, batzuek edozein momentutan euskara hitz egin ahal izateko gai
dira. Hala ere, betidanik lagunekin erdaraz hitz egin duen pertsona batentzako, zaila
izaten da hori aldatzea. Gainera, euskara ikasten dugunon artean, guztiok ez gaude
prest lagunartean euskaraz hitz egiteko, eta euskaraz hitz egiten hasi eta erdaraz
erantzuten bukatzen dugu askotan. Unibertsitatera iristean, euskara gure hizkuntza
izatearen sentimendua handitzen doa, eta jendea jarrera handiagoa eta hobea
ematen du euskararen aurrean.

Hala ere, Nafarroako Iparraldera jotzen badugu, egoera guztiz aldatzen da.
Herri gehienetan, ama-hizkuntza euskara izaten da eta beraz ez dago Iruñerrian eta
Erriberan gertatzen den arazoa. Eguneroko egoera guztietan, Iruñean erdara
nagusitzen da, baina Iparraldean, berriz, euskara, eta lagunartean gaztelania ez da
askotan entzuten.

Horrez gain, unibertsitatera iristean euskaldunok aurkitzen dugun arazo
handiari buruz hitz egin beharra dago. Gaur egun, Iruñean euskaraz ikasi nahi
dugun ikasle kopurua oso handia bada ere, Nafarroako Unibertsitate Publikora
ikastera iristean aurkitzen dugun egoera kezkagarria da. Izan ere, aipatu dugun
bezala, eskaintzen diren graduetatik soilik bi euskaraz daude bere osotasunean.
Gainerakoak, ordea, edo ikasgai gutxi batzuk (eta hasierako urteetakoak) daude
euskaraz, edo gradua erdara hutsean dago. Kasu horietan, klasean soilik gaztelania
menperatzen duten ikasleak egongo dira, eta berez euskaraz hitz egitea kostatzen
bada, egoera horretan euskaraz hitz egitea ezinezkoa bihurtzen da.

Euskararen erabilera egokia eta euskara bera sustatzeko lehenik eta behin
euskara ahalik eta gehien hitz egiten saiatu behar gara. Horretarako, egokiena
izango litzateke euskara txikitatik erabiltzea, eta horrela errazago izango litzateke
euskara ongi erabiltzea.

Hori sustatu ahal izateko ezinbestekoa da Udaletatik eta Gobernutik laguntza
jasotzea, eta haiek ere euskararen erabilpena bultzatzea. Euskara sustatzeko, ohiko
egoeretan euskara sartu behar da. Adibidez, dendari euskaldun batek erabiltzen
duen lehen hizkuntza euskara izan beharko litzateke, eta ez gaztelera; gauza bera
erosle batek euskara baldin badaki, zerbait galdetzerakoan euskaraz galdetzea
egokiena izango litzateke.

Beste modu bat euskara sustatzeko enpresa handiek iragarkiak ere euskaraz
jartzea da, Eroskik egiten duen moduan. Eta gazteleraz eskaintzen diren gauza
guztiak euskaraz ere eskaintzea, modu horretan, inkontzienteki euskarara pasako
ginatekeelako, eta ondorioz, errazago aterako litzaiguke euskaraz hitz egitea.
Beste alderdi garrantzitsu bat eskolan euskara irakasteko modua da. Ikasle
askok beste edozein ikasgai bat bezala ikusten dute, eta ez gurea den hizkuntza eta
kultura bezala. Hori dela eta, kasu batzuetan, euskara gorrotatzen dugu txikitatik, eta
heltzean beranduegi edo, behintzat zailagoa izaten da euskaraz hitz egitera ohitzea.
Argi dago beste modu batean eragin behar dela euskararen erabileran. Esate
baterako, gazteleraz egiten dugun bakoitzean euskaraz egiteko esan beharrean,
zuzenean euskaraz hastea izango litzateke hoberena, inkontzienteki euskaraz
erantzun eta euskaraz solastea lortuz.

Ezinbestekoa den gauza euskara bultzatzeko ikasketak euskaraz eskaintzea
da, ahalik eta gehien, horrek eskubidea ematen dielako euskaraz ikasi nahi dutenei.
Esan dugun moduan, gure Unibertsitateak euskarak pairatzen duen egoera
lotsagarria da. Izan ere, euskara hutsean bakarrik bi gradu egoteaz gain, gradu
horietan, zenbait ikasgaietan materiala gazteleraz ematen dute, material hobeagoa
dela argudiatuz. Gure iritziz, hori ezin onar daitekeen egoera da, eta irakasle
bakoitzak konpondu beharreko arazoa izan beharko litzateke.

Honez gain, euskararen alde egiten duten elkarteei laguntza eskaintzea oso
garrantzitsua da, haientzako eta baita hizkuntzaren egoerarako ere, haiek
eskaintzen dituzten zerbitzu guztiak euskaraz izango direlako.

Adibide bat aipatzearren, Atarrabian dagoen elkarte batek egiten duena
azalduko dugu. Haurrentzako eta nerabeentzako zuzenduta dagoen zerbitzua da,
euskara bultzatzeko helburuarekin. Horretarako, larunbatetan 4’30etik 6’30era arte
hezitzaile batzuk haurrekin jolasak egiten aritzen dira, euskaraz, noski. Modu

horretan, lagunarteko egoeran euskaraz egitea lortzen da. Horrelako elkarteak
benetan baliagarriak dira, eta beraz oinarrizkoa da haiei diru-laguntzak eskaintzea
gobernuaren partetik.
Horrez gain, ezinbestekoa da euskara dakien jendearen artean euskaraz
egitea, eta txikitatik euskara ikastolaz gain beste leku batzuetan entzutea (kalean
entzutera ohitzea, gero handitzean egoera arraroa izango balitz bezala ez ikusteko).
Izan ere, horretan dago gakoa. Ikastetxeetako euskara entzutera ohituta gaudenez,
askoz errazagoa egiten zaigu hizkera akademikoa erabiltzea.

Honen harira, Iñaki Murua bertsolariak esandako esaldi bat aipatuko dugu:
“Ez al da egoera anormala hizkuntza informala era formalizatuan irakatsi beharra?”
Izan ere, euskararen egoera guztiz berezia da. Gaur egungo gazteoi
dagokigunez, 0-18 urte bitarteko ikasleen ehuneko altu batek euskaraz daki, baina
soilik %33k erabiltzen dute euskara kalean. Hala ere, zonaldearen arabera asko
aldatzen da joera hau, ez baita gauza bera Otsagabiako (Iparraldea), Tuterako edo
edo Iruñeko ikastola batean dagoen egoera.

Baina orokorrean, euskararen arazoa nahiko larria da. Izan ere, gazteok
zenbait gauza adierazteko orduan ez gara gai, behar bezala, era naturaletan,
euskaraz esateko. Eta horrek ondorioak ditu gure hizkuntzan.
Argi dago, Iruñean oro har, euskara batua erabiltzen dela. Tamalez, Iruñeko
kaleetan gutxi entzuten da euskara, eta entzuten dena, euskara batua da. Euskal
Herriko beste zonaldeetan berriz, euskalki aunitz entzun ditzakegu, hala nola,
zuberotarra, lapurtarra, mendebaldekoa…

Esan bezala, Iruñean daukagun eredua euskara batua da, nahiz eta
herrietatik etortzen diren euskaldunek beren ekarpena egin. Baina ez da gauza bera
tabernan edo bilera batean euskaraz hitz egitea.

Gazteok testuinguru formaletatik kanpo beste euskara bat erabiltzen dugu.
Komunikazio zuzena, laburra eta berehalakoa nahiago dugu. Iruñeko gazteok eremu
akademikoan nahiko ongi hitz egiten dugun arre, lagunartean beste era batera
solasten gara: gaztelania sartzen dugu, baita ingelesa ere, ergatiboa askotan (edo
gehienetan) ez dugu behar den moduan erabiltzen… Izan ere, gehienetan arras
gaizki erabiltzen dugu ergatiboa, txiki-txikitatik ikastolan ematen dugun arren. Oso
akats ohikoa da gure artean, eta zuzentzeko oso zaila.

Hala ere, testuinguru formaletan hizkera akademikoa erabiltzea ez zaigu
batere zaila egiten. Izan ere, ikasketak betidanik egin ditugu euskaraz, beraz ohitura
da euskara akademikoa erabiltzea.
Euskaraz hitz egiterakoan asko dira sortzen zaizkizun zalantzak.
Txiki-txikitatik burutu ditugu ikasketak euskaraz, beraz, euskararen inguruan asko
ikertu dugu.

Hala ere, txikitan zalantzak genituenean, gure anai edo arreba zaharrei edota
gurasoei galdetzen genien. Gaur egun berriz, hamaika baliabide ditugu gure
zalantzak argitzeko.

Interneten milaka web orrialde daude euskararen inguruan hitz egiten
dutenak, hiztegiak, itzultzaileak, azalpenak… Ohikoenak eta erabilgarrienak gure
ustez, Elhuyar hiztegia eta Euskaltzaindiaren web orriak dira.

Argi dago, Internet mundu osora zabaldu den sare erraldoia dela eta horrez
gain, oso erabilgarria den baliabidea da. Duela hainbat urte, zalantzak argitzeko
entziklopediak edota hiztegiak erabiltzen ziren. Gaur egun, aldiz, zalantza guztiak
Interneten argitzen dira edota informazio guztia Interneten kontsultatu egiten da. Eta
euskararekin berdina gertatu da, baliabide pila daude Interneten euskara hobetzeko
edo euskararen inguruan ikasteko.

Hala ere, zergatik ditugu euskararen inguruan hainbeste zalantza? Euskara
gehiago erabili behar dugu. Horixe litzateke arazoa konpontzeko modurik egokiena.
Izan ere, hizkuntza honen inguruan hainbeste zalantza ditugu erabiltzen ez
dugulako. Beraz, konponbidea jakin badakigu.

Laburbilduz, argi dago Euskararen inguruan arazo handia dagoela, eta
egoera ez dela batere ona. Hala ere, historian zehar gure hizkuntzak pairatu duena
zerikusi handia dauka. Duela 50 urte debekatuta zegoen, eta bakarrik ezkutuan
erabil zitekeen. Industrializazio garaian ere euskarak indarra galdu zuen, immigrazio
tasa handitzearen ondorioz pertsona gehienek gazteleraz egiten zutelako. Gaur
egun, ordea, euskara bizitza publikoan erabil daiteke, eta hezkuntzan presentzia
handia dauka. Egoera asko hobetu da, baina oraindik bide luzea dago egiteko, eta
horretan guk gure ahalegina egin behar dugu. Horrez gain, onartezina da Nafarroako
zenbait alderdi politikok honen aurrean erakusten duten jarrera; gure lurraldeko
kultura izanik, horren kontra joaten baitira, gezurra badirudi ere. Edozein argudio
erabiltzen dute Euskararen indarra murrizteko, eta horrek, logikoa denez, eragin
negatiboa dauka. Hala ere, urtero Euskara bultzatzeko proiektu eta jai asko
aurkezten eta ospatzen dira; hala nola Korrika, Nafarroa Oinez, Euskararen
Eguna....

Laburbiltzeko, hizkuntzaren egoera guztiz ona ez bada ere, hainbeste
zapalkuntza jasan ondoren eta debekatuta egonda ere, bizirik jarraitu badu, nola
utziko dugu gaur egun desagertzea? Hori gure esku dago, eta horrela izatekotan
gure kultura eta nortasunaren ezaugarririk garrantzitsuena galduko genuke; beraz,
onartezina izango litzateke.

2016(e)ko abenduaren 27(a), asteartea

EZTABAIDATZEKO HITZAK ETA SINTAGMAK

         Eztabaidan erabil daitezkeen hitz eta sintagmak

Nire iritzian


Nire iritziz


Nire ustez


Nire ustean


Nire ustetan


Nire irudiko


Nire irudiz


Nire irudituan


Nire aburuz


Nik uste dut


Zuzen zaude
Oker zaude


Oker zabiltza


Oso / arras / hagitz / arrunt oker zaude / zabiltza

Arrazoi duzu
Ez duzu arrazoirik

Arrazoi handia duzu
Ez duzu batere arrazoirik

Egia da
Ez da egia


Gezurra da


Gezur biribila da hori


Gezur potoloa bota duzu


Gezurti hutsa zara


Gezurretan zabiltza


Gezurretan ari zara


Gezurti / gezurrontzi zikina / alaena

Egia eta fedea


Ados nago zurekin
Ez nago ados zurekin
Nik bestela pentsatzen dut
Konforme nago zurekin
Ez nago konforme horrekin
Niri iruditzen zait bestela dela
Akort naiz zurekin
Ez naiz akort zurekin
Nik beste modu batez dakusat / ikusten dut hori
Ongi dakusat / ikusten dut
Gaizki dakusat / ikusten dut

Arrunt ongi dakusat / ikusten dut
Arrunt gaizki dakusat / ikusten dut

Ongi iruditzen zait
Ez zait ongi iruditzen
Gaizki iruditzen zait
Ongi irizten diot horri
Ez diot horri ongi irizten
Gaizki irizten diot horri
Ongi deritzot horri
Ez deritzot ongi horri
Gaizki deritzot horri
Horixe!


Jakina!


Noski!


Hain zuzen ere


Hain justu ere


Izan ere... bait-


Beraz,


Hortaz,


Horregatik


Horrexegatik


Hobeki esan


Zehazki(ago) esan


Zehatzago esanda


Bestela esan


Eman dezagun


Demagun


Erran dezagun


Diogun


Aipa dezagun


Aipatu behar da


Adibidez


Argibidez


Erraterako


Errate batera


Errate baterako


Konparaziorako


Konparazio baterako


Konparazione


Kasu


Kasurako


Horren ondorioa da... –tea


Ondorioz


Horren ondorioz


Hortik ... ondorioztatzen dut / da


Hortik hori / hola delako ondorioa ateratzen dut


Laburbilduz


Esan ditudanak laburbilduz


Laburki esateko / esanez


Bi hitzetan esanda


Dirudienez


Irudi duenez


Irudiz


Itxura denez, itxura duenez


Itxuraz


Itxura batean


Benetan


Zinez


Egiazki


Hain... non / ezen... bait-


Hainbat / hainbeste... non / ezen ...bait-


..., hain


Zeren


Zeren... bait-


Bait-


-enez (gero)


-elako