Aldi joana isila dut eta ez nau ustekabean asaldatzen. Haurtzaro eta gaztarokoa suntsitu zen; beste mundu batekoa da eta ez dut aspaldian mundu horrekin lot nazakeen elkarbiderik. Bestea, arestikoa, hain izan zen laburra urtebete iraun zuen, doi-doi. Orain gogora dezaket, larritu gabe, baina ez naiz hartaz gehiegi arduratzen. Gibelaldean, urruti dagoen oihala da, erdi argi erdi ilun, eta lehenak zauri ez nazan, kristala dut bitarteko.
Lanean ari nintzen, gau eta egun. Hala behar
ere, gogorra baitzen bizitza, batez ere urte hilen pisua arrastaka
generamanentzat. Berandu agertu nintzen, gainera, leku hutsik gelditzen ez zen
mundura. Lehian atertu gabe, berriz eta berriz. Eta han, nonbait, zoko ezkutuan,
ehiztarien ihesi dabilen piztiaren sena, zelatan dauzkan arriskuen begira.
Orduan ezagutu nuen, ez naiz
ongi oroitzen noiz eta nola egin genuen topo lehenbizikoz. Bestela
bezala, gertatu zen, ez bainion nik antzeman berekin zekarren ezkutua hurbiltzen
gindoazkion elkarri konturatu gabe, eta bat-batean eguna zabaldu zen ene baitan.
Eta aspaldidanik ametsetan ere ahazturik neukan soinuaren lehen hotsak entzun
nituen berriro.
Udaberri hatsarrean, gogoan
daukat, elkarrekin gindoazen igande goiz batez, aldirietan barrena. Lanbroak,
eguzkiak artean uxatu ez zuen lanbroak, bere ganduz estaltzen zituen bazterrak.
Haren besoan nuen eskua, eta ukitze arin horretan bizi nintzen ni oso-osorik. Hotzak
zurbildua zuen aurpegia, noizean behin haize mehearen hotzikarak inarrosten
zuen eta. Batak besteari begiratzen genionean, den-dena hura, ni inguru
lanbrotuak gatzaturik gelditzen zen, sosegu betezko geldiune soil batetik
dilindan.
Neure burua berriz ere
presondegian ikusi nuenean, haren irudiari lotu nahi nintzaion. Heriosuhar haren
beroak inguratzen ninduen, ametsetan eta egun-argiz elkarri idazten genion. Gero
ez dakit ongi zer gertatu zen, bitarteko genituen gutunek eskaintzen ziguten
gaia idorregia zen agian, eta alferrik egiten genituen leherrenak. Asperturik
eta gogaiturik utzi gintuzten azkenean. Dena den, gero eta bakanago agertzen ziren
eskutitzak, azkenik mututu ziren. Ez diot sekula txartzat hartu, horrelaxe
garabiltza bizitzak hura urrundu zuen, eta azken batean nerau naiz seguru asko
urrutien saihestu nauena.
2. ORIXE. SANTA KRUZ APAIZA (1)
Mandataria bidalita,
Uitzira jaitsi nintzen, eta han egon nintzen erantzunaren begira, Arratsaldeko
bostak arte. Alfer alferrik nire gogo ona eta menpera-nahia aintzat hartu gabe,
Goizuetara jo zuen, eta nik Leitzara, gau egitera. Han, nire lagunek esan
zidaten nire eskabideetara ez zela etorriko, apaizek
beren egitekoetan ari behar omen dutela. Muzin hori niri egin arren, atzetik
joan nintzaion, bidean okerren bat gerta lekiokeen bildurrez, giputz gazte
gizagaixo haietaz kupituta. Gaueko hamarretarako Lesakan nintzen, eta biharamun
goizeko zortzi eta erdietan Lizarragak, dei egin dio nirekin etorri den buruzagi bati,
doala Igantzira ni aipatu ere gabe.
Beraz, nirekin
adiskidetzeko noiz edo noiz azaldu duen gogoa azal-huskeria eta itxurakeria da.
Garbi-garbi hitz egingo dut, ohi bezala ez dut eramango aurrerakoan holako
muzinik, eta ez diot bururik makurtuko. Jakinaren gainean jartzen dut, eta adieraz
diezaiela nire adiskideei eta etsaiei nire jokabidea.
3. ORIXE. SANTA KRUZ APAIZA (2)
Jainkoa zen aurrena, gero
Euskal Herria, azkena Don Karlos. Maite zuten, bai karlistek eta Santa
Kruzek beren
erregea, erlijioaren eta foruen aldekoa baitzen. Don Karlosek euskaldunez
baliatu nahi zuen, errege aulkian esertzeko. Euskaldunek berriz, hartaz,
foruetarako, eta biak musu huts gelditu ziren. Hark behintzat, Gernikan
eta Billafrankan juramentuz agindu zuen gure foruei eutsiko ziela. Beste erregek ez zuen
beste hainbeste egin aspaldiko urteetan eta gizaldietan. Ez al zen haren alde
jartzeko dina? Aurrena zuzen hasi zen erregea,
gero okertu bazen ere. Inguruan bazituen izateko batzuk, eta haien esanera eta
eginera jarri zenetik ez zuen gauza onik atera. Orduan etsi zuen Santa Kruzek, baita
karlista zintzoek ere. Atzera zentzatu zen eta ez zuten erabat utzi.
Don Karlosek
behin batez Ingalaterran topo egin omen zuen apaizarekin, eta tiroz hilko zuela
esan omen zion, Espainian harrapatu balu. Santa Kruzek ordurako gogo jardunak
egin zituen, eta ez zion axola handirik hil beharra zen errege batengatik.
Indietarako asmotan zebilen, basajende haiek jainkoarengana bildu nahian. Horretarako,
laguntzarik eman baliote erregeek, eskerrik askorekin hartuko zuen. Don Jaime
Kolonbiara joan zen batez, apaizak gutun bat egin zion. Haren
aita zenarentzat gerran ari izan zela, eta orain beste Erregerentzat ari zela, eta
diru pixka bat bidaltzen bazion, esker onez hartuko ziola bere indiarrentzat.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina